XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure herrian perretxikuak deitzen ditugu, hongos eta inoiz Setas gazteleraz deritzen zaienei; frantsezez, ordea, Champignons.

Eta horiek biltzeko zaletasuna dutenei, mikologoei, Eibarren perretxikutalaria.

Eta badugu horietakorik anitz.

Baina horiek erabili duten hiztegiaz arduratuko gara gaurkoan.

Telesforo Aranzadi bergararrak 1897an eman zigun argitara Euskalerriko Perretxikuak - Setas ú Hongos del País Vasco liburu ederra, bi tomotan, bata testuz eta beste irudiz.

Izenburuaren lehen partea euskaraz edukiarren, liburua bera erdaraz idatzia dago.

Hala ere, perretxikuen euskarazko izenak bildu zituen zientziako izen teknikoen ondoan, eta honela perretxikuen hiztegia burutzeko lehen oinharriak jarri zituen.

T. Aranzadi berak herriz herri bildutako hitzez gainera Lakoizketaren lanekin baliatu zen bere klasifikazioaren hornigarri.

Geroztik, eta batez ere azken urte hauetan, perretxiku liburuak asko ugaldu dira, baina hala ere inork eztu T. Aranzadiren zehaztasunik euskarazko izenetan, ondorengoak beranetik baliatu badira ere.

A. Buesa, J. M. Busca Isusi, R. Lotina Benguria, I. Linazasoro, eta Aranzadi Elkarteak argitaratu dituzte liburuok.

Beretako batzuk zenbait argitalpen izan dituzte, txapelketak antolatu izan dira eta perretxiku-zaletasuna ugaldu da Euskal Herrietan.

Penagarriena, pagadiz, gaztainadiz, hariztiz, hain beterik ziren basoak urritu direla, piñadieri lekua egiteko, eta hemen perretxiku mota gutti dira.

Euskarazko izeneri zientziak jarritako izen teknikoekin behar bezalako lotura zehatzik eta izeneri eureri erabiltzen diren tokiko lekutasuna emateaz ezta ezer aurreratu; irudimenezko asmakizuneri esker, bai, izenok ugaritu dira, baina tokian tokiko sustrairik gabeko bataioz.

Neronek ez nuke nahi holako hutsik egiterik eta zaletasun zahar bat berrituaz, lekutxo apal batez baliaturik, gure herriko perretxiku izenak bildu ditut, jabetasuna duten izenez perretxikutalariei eta euskarari laguntzeko asmoz.

Hemengo izen asko beste zenbait herritan ere hala erabiliko direnik ez dut ukatzen, baina bestetakoekin ere hau egin beharko litzake, zehatz-mehatz bildu, tokiko agiritzak uzteko.